Ezjakintasunak

Ezjakintasunak

Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz; oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro aditzean: oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan: oraiñ ipui ciquiñac contatzen, guero dantzan, edo dantza ondoan
alberdanian.

J.B. Agirre

Poema-bilduma honen aurreneko bertsioak
Arabako Foru Aldundiaren “Ernestina de Champourcin” saria
jaso zuen 2005. urteko aldian.

© 2006, Gerardo Markuleta Gutiérrez

© Azal eta diseinuarena: 2006, Antton Olariaga

© Edizio honena: 2009, ALBERDANIA, S.L.

Istillaga, 2, behea C. 20304 Irun

alberdania@alberdania.net

Comunicación Interactiva Adimedia, S.L.-ek digitalizatua

www.adimedia.net



Paperezko edizioaren ISBN zenbakia: 84–96643–26–3

Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-132-1

Mobipocket Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-131-4

Legezko Gordailua: S.S. 1273/2006

Argiaren txoriak lotara doaz,
eta egia ttipien ikara sotil bat
uzten digute arrametan.

Gabriel Ferrater

I
Ezjakintasunak

Uraren bidez esan.
Behin eta berriz hasi. Ez izan betiko.
Hil behar izan. Hil. Baina ez orain.

Angel Erro

Minimal portrait

Geografiaz, asimetriko;

eguraldiz, nahasi.

Mapaginean beti.

Neure burua deskribatzeko,

sobera hamabost hitz.



Ezjakintasunak

Ez dut sekula ondo jakin

ezagun berri bat

agurtzen noiz hasi.



Zehatz ez dut inoiz jakiten

nori agur esan

buru keinu batez,

nori esku biak

berokitik kanpo,

noiz eskua eman,

noiz besarkada bat,

nori egin

–gura barik–

ez ikusi.



Behin ere ez dut asmatzen

noiz masaila eman,

noiz ezker eskua,

noiz ezpain mutturra;

ez noiz behar duten

bi izan musuak,

noiz hiru, edo bat.

Ez dut sekula ondo jakin

noiz hurbildu,

noiz urrundu,

noiz gelditu

ezagun berria

ezagutu guran.



Zehatz ez dut inoiz jakiten

izen berriren bat

agendan noiz sartu,

izen bat noiz pasa

agenda hiletik

agenda berrira,

eta noiz ez. Eta

agendetatik noiz

behin betiko kendu



Izen-abizenak I







Gure aita zena

–santuaren egunaz jaio baitzen–

Miguel deitzen zen ponteko izenez,

Miguel Marculeta.

Herrian, ordea, mundu guztiak

beti “Aramaixo” esaten zion

(herriko baserri

bat da “Aramaixo”

eta hala ere

ez gure aitonak ez aita zenak

ez zuten sekula