ATZORAKO GERATZEN DENA

Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz; oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro aditzean: oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan: oraiñ ipui ciquiñac contatzen,
guero dantzan, edo dantza ondoan
alberdanian.

J.B. Agirre

Lehen argitaraldia ALBERDANIA-narrazioan: 2011ko irailean



© 2011, Ana Urkiza Ibaibarriaga

© Argitaraldi honena: 2011, ALBERDANIA, S.L.

Istillaga, 2, behea C. 20304 Irun

Tf.: 943 63 28 14 Faxa: 943 63 80 55

alberdania@alberdania.net

Azala: Antton Olariaga, Unai Pascualen argazki batean oinarrituta

Barruko ilustrazioak: Maite Bastida Urkiza

Libenet, S.L.-ek digitalizatua

www.libenet.net



Paperezko edizioaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-320-2

Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-342-4

ATZORAKO GERATZEN DENA

ANA URKIZA

A L B E R D A N I A

aforismoak

Hitzak baltsamikoak dira neurrian ulertzen direnean.

Tarteak ditut maite. Denboraren eta espazioaren unitate magikoak.

Den-dena galdu duenari, egin gabe utzitako guztiaren arintasuna gelditzen zaio.

Trenak behin bakarrik egiten digu ihes; oraindik, beranduegi ez denean.

Bizitza tunel luze bat da; irteeran, berandututa harrapatzen gaituena.

Baldintzapean, minari ere ez zaizkio arrazoi guztiak zilegi.

Asebete ezintasuna da gizakiaren luzapen naturala.

Astiaren neurgailua nahikundea da, denborarena ez bezala.

Bizitza absurdoa eta interesgarria da, baina ez hein berean.

Muturreko egoera bat bizitzera kondenaturiko gizakia itxuraldatu egiten da, bere burua ezagutzeraino.

Esan gabe doazen ideiek ez dute etorririk.

Perfekzioa ez da mundu honetakoa; horregatik ez dugu bestera joan nahi.

Arrakastaren elixirra esne botilan.

Besteak ere amaren seme-alabak dira, gu ez bezain inperfektuak.

Oker egin ez duena zigortzen duenak, absoluzioa du xede.

Ohera ustez garbi doanak ere ez du beti lo erraz hartzen.

Memorian hazka eginez egiten dira bidaiarik zoragarrienak: ganbaran.

Maizenik gizona bere baitan hartu behar izaten du emakumeak, zakila bezala.

Egia gordinek galdera inozoak alderatzen dituzte.

Hiriko plazan gizaki jakitunak, itzalaren bila.

Beharra egin duenak lan-saria jaso asmo du, dirutan bada ere.

Laranja osoak garela aldarrikatzen hasi.

Salduta sentitzean eroslearen bila hasten naiz, arrakastarik gabe.

Ihesi doanak ezkutatzea du helburu; ezkutatuta dagoenak, ostera, ez du ihes beharrik.

Arrazoia guztion eskuduntza da, inoren eskubide ez denean.

Gogoz entzun nahi duela esaten duena da isiltasuna apurtzen lehena.

Gorputzez ere bidaiatzen ikasten ari naiz.

Biluzterainoko gardentasunez jokatzea ez da politikoki komenigarria.

Sekretua, aho bakarrean, heriotzara kondenatuta dago.

Adiskidetasuna altxor handia da, galdu duzunean.

Landatu dut zuhaitz bat; erditu ume bat; idatzi liburu bat. Eta orain, zer?

Haizea da egia ororen jabe, hitzak bertan bizi dira aske.

Asko galdetu behar da ezer gutxi jakiteko.

Garrasi egin ondoren pentsatzen dut, eta orduan bakarrik, beharbada, besteek arrazoi dutela.

Dena da behar-beharrezkoa, ezina gailentzen den arte.

Lanera doan emakumea ezin da ama oso ona izan; anbizio profesionala baitauka.

Egia erdiak entzutean jabetzen naiz gezur osoaren dimentsioaz.

Eskularru zurien premiarik gabe lan egiten du piano-
-jotzaile profesionalak.

Indarra ez da kilotan neurtzen.

Dakidan ezereza irakatsi beharko banu, ez nuke jakingo inondik hasten.

Bakarra naiz nire espeziean, besteak bezala.

Zer pentsatzen zauden jakingo banu, galdera zuzenak egingo nizkizuke bakarrik.

Nire buru gaixoa ikaragarri ulertzen dut, sintomak maitatze arte.

Pentsatzen dudanaren eta esatera heltzen naizenaren artekoak ere badauka bere momentua: postrean.

Bihotzekoak bihotz onekoak ere traizionatzen ditu.

Ustekabea: oharkabean ohartzea.

Musikak nire bihotza goratzen duenean, lehenagotik non ote zegoen galdetzen dut.

Albiste onekin zein txarrekin berdin-berdin harritzen gara. Silogismoz, argi dago bihotza ere harrizkoa dugula.

Egia hankamotzek gezur bilakatzeko arriskua dute.

Eskupekoak eta opariak,