BELARRAREN AHOA
Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz;
oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro aditzean:
oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan:
oraiñ ipui ciquiñac contatzen, guero dantzan,
edo dantza ondoan alberdanian.
J.B. Agirre
1. argitaraldia: 2004
5. argitaraldia: 2018
© 2004, Harkaitz Cano
© Argitaraldi honena: 2018, ALBERDANIA, SL
Istillaga, 2, behea C - 20304 Irun
Tel.: 943 63 28 14
alberdania@alberdania.net
www.alberdania.net
Azala: Junkal Motxailek diseinatua, Edward Moranen Unveiling the Statue of
Liberty margolana baliatuz.
ISBN: 9788498684308
Legezko gordailua: SS. 198/2018
Nor ez da inoiz belar luzearekin zauritu?
Aiztoarena baino zorrotzagoa da belarraren ahoa.
Baina, bestalde, nor ez da belar lehorretan gozoro etzan, maitearekin, zimurtuta amaitu duen alkandora zuri batez jantzia, nork ez du inoiz praketara atxikitako belarra astindu behar izan, etzanaldi hura eta bizitza hura amai zitekeenik pentsatu ere egin gabe, mandioko eskailerak jaistean?
Etzanda, belar artetik begiratzean, hutsaren pareko begitantzen da heroiaren estatua eta handitasunez betea gizon arruntaren sega-lan apala.
“Kontua da, Russell Spencer arte zuzendariak bilera eskatu zidala agur-naziaren sorrerari buruzko gag bat bururatu zitzaiola-eta.
”Russell setatuta zegoen: filmean Hynkelen pertsonaiari background moduko bat, hitzaurre bat erantsi behar zitzaiola uste zuen. Hauxe zen berak proposatzen zuen istorioetako bat: Braunau herri ttipian, haur bihurri bat eskaileretan behera doa, eskailerako heldulekuan ipurdia jarri eta irrist eginez; haur horrek bat-batean oreka galdu eta, eskailera zulotik behera eroririk, eskumuturra hautsi du. Orduan, haur horren aitak –Breveski familiako buruak– zera erabakitzen du: halakorik berriro gerta ez dadin, eskailerako esku-karrila altuago jartzea, halako moldez non haurrak ezingo duen bertara igo eta karrila zabutzat erabili. Horretarako, seme zaharrena bidaltzen du (Hans Breveski) lehenbizi sinagogara eta arotzarengana gero. Sinagogan delarik, gaztetxoaren zeregina bertako eskailera altuaren angelua neurtzea da, huraxe baita aitak etxeko eskailerari eman nahi dion neurria. Hans semeak, ordea, ez daki gauza handirik geometriaz eta ez zaio besoarekin eskailerako angelua neurtzea baino ideia hoberik bururatzen. Eskuin besoa, beraz, eskailerako esku-karrilean lerratzen du, sorbalda eta buruaren artean berrogeita bost graduko angelua osatuz, eta gero, besoa amiñi bat ere mugitu gabe, keinukera horrekintxe, besoa jasota oinez egiten du aroztegirainoko tartea, arotzari nolabait adierazteko, angelu horretako esku-karrila jarri nahi diola bere aitak etxeko eskailerari. (…) Aroztegian, Grabenstrasse karrikan, haur bat dabil zerrautsarekin jolasean, etxeak marraztu eta putz eginez desegitera. Haurrak –Hynkel txikiak– harri eta zur begiratzen dio Hans Breveski mutikoari, bere besoa altxatuta daramalarik, eta etorkizuneko epifania bat ikusten duela ohartzen gara, horixe baita agur-naziaren sorburua izanen dena. Arotzak, bien bitartean, Breveski jaunaren semeak agindutako mandatuaren oharra hartzen du egunkari atzeratu baten gainean, Hans gaztetxoaren ateraldiarekin irribarretsu, haren beso zurrunari goitik eta behetik begira.
”Russellek hitzaurre moduan edo diktadorearen ametsa balitz bezala –flash back antzeko batean– txertatu nahi zuen sekuentzia multzo hura, eta gidoiaren lehen bi zirriborroetan egon zen, azkenean, konplexuegia zela-eta, filmatu ez bagenuen ere. Izan ere, beti daude bi film: egin zena, eta bidean geratu zena. Bigarrena izaten da onena, ia beti. Historiako gertakariei so egiten badiegu ere, halako zerbait gertatzen den susmoa daukat: hainbat aldibereko xendra daude, eta irudimenarekin baino ezin ditugu denak eskuaretu…”.
Charles Chaplinek, The Great Dictator filmaren errodajeari buruz, 1940an, San Francisco Chronicle egunkarian argitaratutako elkarrizketa batetik.