GERARDO MARKULETA
BATAK EZ DU
BESTEA KENTZEN
✺
POESIA
Idazlan honek Joseba Jaka IV. Literatur beka jaso du,
poesia alorrean
A L B E R D A N I A
Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz; oraiñ
pensamentu batean gueroseago itz loyak gozotoro aditzean:oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan: oraiñ
ipui ciquiñac contatzen, guero dantzan, edo dantza ondoan
alberdanian.
(J.B. Agirre)
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza
izan du liburu honek.
Azala: Antton Olariaga
© 2003, Gerardo Markuleta Gutiérrez
© 2003, Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa
© Edizio honena: 2003, EUSKALGINTZA ELKARLANEAN FUNDAZIOA &
ALBERDANIA, S.L.
ISBN digitala: 978-84-9868-569-5
ISBN papera: 84-95589-83-4
Legezko Gordailua: S.S. 1407/2003
BATAK EZ DU
BESTEA KENTZEN
I
iferneguan
Neguaren gnomoa agertu zen orduan, eta esan zidan:
“Entzudazu. Nik izoztuta utzi zintzaket. Baina, horren ordez,
elurraren gaineko kaligrafia eder bat erakutsiko dizut”.
Harry Martinson
Inoiz sobera
Hemen, inoiz, sobera da argia,
argi sobera da. Ez naiz sekula izan
zure betazalen bestaldean.
Desegunetan
Desegunetan beti da desordu;
ez huen egin,
ez huen esan,
ez huen jakin.
Destenorean, guztia desarau;
ausartu bahintz,
bukatu bahu,
iritsi balitz.
Desgaraian, dena desegoki:
deserrotze,
desitxura,
desbide;
desenkusa,
desengainu,
desditxa.
Partitzeko tenorean
Zapatak erantzi ditu suizidak
hegara baino lehen,
eta bata bestearen ondoan
ezarri, lerro-lerro, mundu hau
bere ausentziaz
txukunago utzi nahi balu legez.
Orduan
Lantzean behin itzala zen
haren begien hondoan;
bagenekien:
ez genuen luzaroan
haren musurik hartuko.
Orduan, goizaldean zen
telebistatik ohera,
etxe hoztuan,
goikoaren dutxa hotsak
abisu eman eta laster.
Atean “ongi etorri”
barruko aldera begira
jarria zuen.
Munduaren besarkada
behar zuen irtetean.
“Parentesi artekoak”,
hala esaten zien berak,
ezpain artean,
hartaz berba egiteko
adorea pilatzean.
Isil pozez hartua zen
betiko lagunartera
berriz biltzean;
erantzunak urriago,
galdekizun berak etsai.
Beldurraren etxean
Beldurraren etxean
epelik ez da;
bustirik ohe guztiak,
sukaldean lau sega.
Beldurraren mortuan