ATLAS SENTIMENTALA
Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz;
oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro aditzean:
oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan:
oraiñ ipui ciquiñac contatzen, guero dantzan,
edo dantza ondoan alberdanian.
J.B. Agirre
Idazlan honek Joseba Jaka I. Literatur beka jaso du, gazte literatura
alorrean.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza izan du liburu honek.
© 1998, Elkar Fundazioa
© Ilustrazioena: 1998, Jesús Ignacio Migel Amoztegi
© Argitaraldi honena: 2018, Elkar Fundazioa
& ALBERDANIA, SL
Istillaga, 2, behea C - 20304 Irun
Tel.: 943 63 28 14
alberdania@alberdania.net
www.alberdania.net
Azala: Gema Arrugaeta
ISBN digitala: 978-84-9868-593-0
ISBN papera: 978-84-9868-411-7
Legezko gordailua: SS. 358/2018
V
ATLAS SENTIMENTALA
Egonaldi bat Marokoko berbereen artean
PATXI ZUBIZARRETA
ALBERDANIA
osTIRAL saila
Afrikara astebeterako joan denak,
liburu bat idatziko du;
hilabete baterako doanak, artikulu bat;
urtebetez geratu denak, ezertxo ere ez.
Bidaiari anonimoa
Nik uste nuen, eta oraindik ere hala uste dut, zoriona ezinezkoa zela terraza bat izan gabe, baina terrazak aipatzean, ez naiz inondik ere azotea europarrei buruz ari…
Fatima Mernissi, Sueños en el umbral
Martxoak 25
(17:15)
Azkenean, joan egin dira. Gurasoak, Hassan, Ali eta mandoa mendian gora doaz. Nik, ordea, Imi Oughlad herrixkan geratu behar izan dut, bakarrik, bihotzeko minez, eta ilunabar triste honetan begirik kendu gabe jarraitzen diet. Adio…
(22:20)
Eguzki erloju bat egun hodeitsu batean bezalaxe sentitzen naiz, edo zapatilak kontrako oinetan jarriak banitu bezala, edo arabiar bat teontzirik gabe dagoenean bezala…
Bost ordu inguru dira gurasoak joan direla; hiru bat ordu ilundu eta afaldu dudala. Oraintsu arte Rafik Schamiren Eskua bete izar nobela irakurtzen aritu naiz. Nola edo hala denbora arinago igaro zait eta ez naiz honen bakarrik sentitu. Baina orain egonezinez nago, urduri eta zer suma, sabelean halako korapilo estua banu bezala.
Eta bakardadea uxatzeko eta denbora azkarrago igarotzeko hasi naiz, bada, egunkari hau letraz eta marrazkiz zirriborratzen; horregatik eta, giltzarrapo gorria!, txizalarri naizela ahantzi nahi dudalako, zeren Marokoko mendialdeko herrixka hauetan ezin baita inon komunik aurkitu…
Hala ere, hori ez da okerrena. Komunik ez izateaz gain, lehen begiratu batean herrixka hauek bonbardatuak izan direla irudi du. Hassan-ek, gure gidariak, ez zuen hain deskribapen dramatikoa egiten: “Asto batek, pasaeran, txiki-txiki egindako intxaur oskolak dirudite”. Eta neurri batean halaxe da: etxeak teilatu gabeak dira, terraza bat daukate teilatuaren ordez; lurraren kafesne kolore bertsukoak dira, soil-soilik leihoak margoturik dituztela; bata bestearen ondoan daude; haien artean bidexka hertsi eta lokaztuak ageri dira; tira, hertsi, lokaztu eta ilunak, zeren, egon, argindarrik ere ez baitago.
Baina gauzak nola begiratzen diren. Gure amak esaten zuen paisaje honek postre bat ekartzen ziola gogora: gaztanbera, ezti eta intxaurrekin. Gaztanbera, Atlas Handiko gailurretako elurrarena; eztia, lur malkartsu honen kolorearena; eta intxaurra, herrixka hauetan nabarmentzen diren intxaurrondo ugariengatik.
Nik berriro diot: niri herrixka bonbardatuak iruditzen zaizkit, edo, leihoak begi zuloak balira, multzo batean bildutako kaskezur mordoxka. Eta, egia esan, postrea baino gehiago lehen plater bat oroitaraztendidate: dilistak.
Baina orain ez zait axola kale edo argindarrik ez izatea, orain bost piper axola zait abenida, zinema edo kafetegirik ez egotea, orain komun bat behar dut, azkar demonio behar ere, horixe inporta zait…
Hassanek esaten zuen mendia dela komun publikorik handiena, eta prakak nonahi askatzen ahal genituela, baina ni ezin naiz orkatila bihurrituarekin gau beltzera irten, eta zer egin ez dakidala nago orain. Giltzarrapo gorria! Orain soil-soilik dakit txizalarriaren txizalarriaz lehertzeko zorian nagoela, eta hori ahantziko badut, idazten eta marrazten jarraitu beharra daukadala.
(22:55)
Asko dira bidaia bat egiteko izan daitezkeen arrazoiak, baina nik orain giltzarrapo gorrika madarikatzen ditut honaino ekarri gintuzten arrazoiak, zeren nik ez baitut hemen bakarrik egon nahi, nik orain Iruñean egon behar nuen, Unai, Uxue eta gainerako lagunekin.
Gure bidaia honen arrazoiak topatzeko aski atzera jo behar da, hain zuzen ere bost bat hilabete atzera. Dena institutu batean hasi zen, gizarteko azterketa fotokopiatzera zihoala, irakasle bati idazkaria hurbildu, eta zuzendariarengana lehenbailehen joateko esan zionean.
—Hara… —hasi zitzaion hura kopetilun—, telefonoz deitu dizute eta, zera, ama…
Emakume gaztea, negarra begietan, leihora inguratu, eta han egon zen puska batean, hitz erdika adierazi zioten albistea bereganatu nahian: irakaslearen ama beti ibilia zen bihotzetik makal samar, baina hortik eta egun batetik bestera hiltzera… Edozein modutan, bere onera etortzen saiatu ondoren, irakasleak telefonoz dei bat egin nahi izan zuen, baina amarenean inortxok ere erantzun ez zionez, zuzendariak esan zion:
—Joan lasai eta utzi geure kontu hemengo ardurak. Azterketa beste batean egin dezakezu, hori gutxienekoa da orain. Sentimenduan lagun…
Eta irakaslea azkar demonio abiatu zen Iruñetik. Autopistan aurrera, ama, ustekabea, heriotza gupidagabea, hiletak… beste pentsamendurik ez zuen. Eta Tafallatik hurbilago eta bere larritasuna handiagoa.
Noizbait ere heldu da amarenera, beldurrak airean igo ditu eskailerak eta, azkenik, arnasa sakon harturik, ateko txirrina jo du. Behin eta berriro deitu behar izan du, harik eta, halako batean, atea zabaldu dioten arte. Eta, atearen bestaldean nor ikusiko eta, ama!
—Jesus, Maria eta Koxme! Hau sorpresa ederra! Nolatan zu hemen? Gaur ere jairen bat ala? —esan zion besarkatzearekin batera.
Baina irakasleari ongieza egin zitzaion eta ziplo erori zen lurrera. Eta haren ama izan zen larrialdietara deitu behar izan zuena. Eta itxuraz deus larririk gertatu ez zitzaion arren, irakaslea izugarri hunkitua gertatu zen, batez ere jakin zuelarik ikasleren bat izan zela, gizarteko azterketa bertan behera uzteko asmoz edo, ama hilaren kontuarekin institutura deitu zuena.
Eta itxuraz deus larririk gertatu ez zitzaion arren, psikologoak gaixo-agiria eman eta Tranxilium izeneko pilulak (elefante bati eragiteko modukoak) hartzeko agindu zion.
—Zaldi lasterketa batean ufaka eta ezinean doan asto baten antzera sentitzen zara —amaitu zuen psikologoak—. Normala da, baina orain lasterketa utzi beharra daukazu; orain atseden hartzea komeni zaizu, atseden hartzea eta ikasleak puska baterako ahaztea…
Eta nik hori guztia ez dakit deia egin zuen ikaslea neu naizelako, ezta haren klasekoa naizelako ere; ez, irakaslea nire ama delako dakit hori guztia, ongitxo jakin ere, eta horrekin batera dakidana da gaur arratsaldean ama mendian gora joana dela, aita, Hassan eta Alirekin batera, eta nik, ordea, hemen geratu behar izan dudala.
Deiaren egunaz geroztik, ama zeharo gogogabetua eta deusetarako ezindua egon zen, ni orain nagoen bezalatsu. Lehenago institutua sarritan aipatzen bazuen ere, harrezkero tabu bihurtu zen gurean. Aitak, bederen, hala esaten zidan, hau da, institutuko konturik amaren aurrean hizpidera ez ekartzeko. Eta aitak eta biok beste gai batzuk aipatzen bagenituen ere, irribarrea pizteko txisterik onenak kontatzen bagenituen ere, dena alferrik izaten zen. Ez Tranxiliumak ez guk, ez genuen deus ere lortzen.
Baina egun batez aitak bidai agentzia bateko orritxo bat ekarri zuen postontzitik. Barañaingo Natura agentziakoa zen eta honela zioen: «MAROKO-ATLAS HANDIA. Ezagutu itzazu ibilian-ibilian Lurreko ikuspegirik ederrenak. Gainera, eguraldi ona lagun, Toubkal mendira (4167 m) igotzeko aukera izango duzu». Eta aitak hain sutsuki hitz egin zuen, eta gero ni ere bidaiaren hain aldeko agertu nintzen, azkenean ama animatzea lortu, eta hirurok Marokora etortzea erabaki baikenuen.
(23:30)
Txirrindulari lasterketen amaiera aldean, kotxeskoba joaten da erretiratuak jasoz. Bada orain ni ere haietako bat sentitzen naiz, erretiratua edo, bestela, erorialdi bat izan, eta ospitalera daramaten bizikletero errukarri zauritua…
Ez dago eskubiderik! Marokoraino etortzeko prestakuntza pila egin behar izan genuen: mapak eskuratu, gidaliburuak irakurri, agentziako Koldorekin mintzatu, tetanoaren kontrako txertoa hartu, mendiko materiala prestatu, pasaportea atera… Eta Aste Santuko oporrak baliatuz, martxoaren 21a iritsi zenean, Iruñeatik Madrileraino autobusez joan, handik Casablancan barrena Marrakexera hegaldatu, taxi eta kamionetaz Atlas Handiko Mendikate honetara hurbildu, zenbait egunez Lurreko ikuspegirik ederrenak ezagutuz ibili, eta orain, Toubkal mendira (4167 m) igotzeko hain gutxi falta genuela, usterik gutxienean zer, eta orkatila demonio hau bihurritu!, noiz, eta kasik ikusten ez zen errekasto bat zeharkatzean! Giltzarrapo gorria! Oina harri koloka batean (7 cm) pausatu, eta krask! egin zidan orkatilak, atx! ahoak.
Istripua Toubkaletik jaistean edo izan balitz, gaitz erdi, baina ez, orain behar zuen… Eta okerrena zera da: institutura itzuli, eta ezin izango diedala lagunei gailurreko argazkirik erakutsi. Beharbada igoeran ekaitz beldurgarria izan genuela esango diet, eta, orkatilarena zuritzeko, beherakoan haitz ikusgarri batetik erori nintzela, edo elur jausi batek harrapatu ninduela. Zer edo zer bururatuko zait: edozer, nire alfer bidaiaren berri inori eman baino lehen…
Gaur goizean, orkatila bihurritu dudanean, gurasoak bidaia bertan behera uzteko prest agertu dira. Baina nik ez nuen inondik ere nahi eta, kostatu bazait ere, azkenean konbentzitu ditut eta aurrera jotzea erabaki dute. Gainera, ez dakit zergatik, baina irudipena daukat Toubkalera igo eta gero amak ez duela Tranxilium pilula gehiagorik hartu beharko (Iruñera itzulitakoan beharbada ni neu izango naiz horien beharra izango duena…).
Filmetan, arerioa —edo Herioa— gainean duenean, heroiak honela esaten die bere lagunei:
—Ez arduratu niregatik. Nireak egin du eta gutxienez saia zaitezte zuen bizitzak salbatzen.
Eta nik gurasoei antzera esan diet:
—Ez arduratu niregatik. Ni hemen moldatuko naiz eta, benetan poztu nahi banauzue, saia zaitezte Toubkalera igotzen.
Hala ere, egia osoa esan behar bada, hori ez diet heroiek bezain tinko esan, eta kandelari negarra bezala, niri orain malkoren bat edo beste datorkit begietara.
—Lehenbailehen itzultzen saiatuko gaituk —agurtu nau aitak.
—Etortzen garenerako sendatuta nahi zaitugu —agurtu nau amak.
—Erizain faltan, behintzat, ez haiz egongo… —agurtu nau Hassanek.
—Kuraia on! —agurtu nau Alik.
Eta adiskide fidelek alde egindakoan heroiaren gainera abailtzen diren arerioen antzera (hura preso hartu, torturatu eta txiki-txiki egiteko), niri bakardade gorria abaildu zait (gutxienez bost egunetan arrotz sentiarazi, asperraren asperraz zigortu eta kitto egiteko).
Eta bihotzean sentitzen dudan oinazea orkatilakoa baino askoz handiagoa da. Baina mina, benetako mina orain puxikan sentitzen ari naiz. Bestela ere gutxi banu… Giltzarrapo gorria! Ezin dut gehiago. Zerbait egin beharra daukat: lozakutik irten, kandela itzali, eta leihatilatik bertatik egingo dut. Gehienera ere, etxekoek euria dela pentsatuko dute…
(1:15)
Ordubete baino gehiago da leihotik txiza egin dudala eta, egia esan, a ze lasaitua hartu dudan. Baina txoria atzera kaiolan sartu dudanean tanta batzuk isuri zaizkit eta horrek, loezarekin batera, argi adierazten du inondik ere ez nagoela neure onean. Bai, txiza egin ondoren galtzontziloak bustitzen bazaizkit —izan azterketengatik, izan egindako deabrukeriaren batengatik—, horrek barrena asaldatua dudala esan nahi du, eta izan ere halaxe da, zeren berriro urduri eta zer suma bainabil, sabelean halako korapilo batek estutuko banindu bezala.
Gainera, kandelak (“Hartu nire linterna, zuek behar handiagoa izango duzue eta”, esan zien heroiak gurasoei) zabaltzen duen argitasun dardartiarekin, itzal dantzariokin eta inguratzen nauen isiltasun misteriotsu honekin, zera… Nola esango nuke: beldurrak airean nagoela?
Baina, giltzarrapo gorria! Zer dira kanpoko hots horiek…? Atearen bestaldean norbait dabil! Zer egin dezaket? Kandela azkar demonio itzali, eta, badaezpada ere, labana eskuratuko dut…
Mahometarrek, sinesdunak meskitara deitzeko, ez daukate ezkila edo antzeko soinu tresnarik. Horretaz muezinak arduratzen dira; ahots miresgarriekiko gizon horiek minareteetara igo, eta handik lau haizetara zabaltzen dituzte beren doinuak. Kantua, monotonoa iruditu arren, hunkigarria izaten da, batez ere landetan eta magrebaren —ilunabarraren— tenorean, gauaren iluna eta isiltasuna egunaren argia eta mugimenduak ordezkatzen hasten direnean. Sarritan, ordutsu horretan, zibilizazioaren eta bizitzaren erosotasunen erdian nagoela, muezinaren kantua etortzen zait gogora, eta oroiminez gogoratzen naiz arabiarren karparekin eta nire gorputz akituak atseden hartzen zuen alfronbratxo xeratsuarekin.
Jose María de Murga
“Mairu bizkaitarra”,
Recuerdos marroquíes